BIZIKLETEN APARKALEKURAKO SARBIDEA IZATEKO ETA ERABILTZEKO ORDENANTZA





AURREKARIAK

Bizikleta-GP (garraio publikoa) intermodalitatea funtsezko osagaia da hiri-mugikortasun jasangarria sustatzeko politika guztietan. Izan ere, garraio publikoko geltokien ekintza-erradioa handitu egiten du, ehunka metrotik 3 edo 4 km-ra gutxi gorabehera, eta garraio publikoa iristen ez den tokietara heltzeko aukera ematen du, haren sistema eraginkor eta aldi berean jasangarria diseinatzea zaila den tokietan, dela ingurumenaren ikuspegitik, finantzen aldetik edo beste edozein kontugatik.

Bizikleta eta garraio publikoa uztartuta erabiltzeko tradizio luzea duten herrialdeetan, konbinazio horretarako azpiegituren eskaintza zabala egon ohi da, eta azpiegitura berrien eskaria berez azaleratzen da, ia beti nahiko modu kaotikoan apartutako bizikletak izanik, hain zuzen ere garraio publikoko geralekuen eta geltokien inguruetan. Egoera horietan, plangintza nahiko erraza izaten da: nahikoa da geltoki nagusien inguruan zer gertatzen den behatzea eta behar den azpiegitura eskaintzea edozein modutan gertatzen dena ordenatzeko. Bizikletaren eguneroko erabileran tradizio urria duten herrialdeetan, gure kasuan bezala, ordea, bizikleta-GP intermodalitatearen eskari potentzialak jarduera edo esku hartzeko plan espezifikoak behar ditu.

Esperientziak erakusten digunez, eskaera hori azaleratzeko ez da nahikoa geltokien kanpoaldean bizikleta-aparkaleku batzuk jartzea, baizik eta azpiegitura horien erabilera sustatu behar da nolabait, eta, gainera, erabiltzaile potentzialentzat modu egoki eta erakargarrian diseinatu behar dira. Hortaz, instalazioa nolabaiteko zorroztasunez eta zentzuz planifikatu behar da, bai diseinuari eta geltokian bertan kokatzeari dagokionez, bai dimentsioei eta edukierari dagokienez.

Trapagarango Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan, bizikleta-garraio publikoaren intermodalitateari heltzeko esperientzia pilotu bat egin nahi du, ebaluatu ondoren, bizikleta-aparkalekuaren erabilerari buruzko datuak lortzeko, eta hala badagokio, bizikletentzako aparkaleku berriak sortzeko.



XEDEA

Trapagaranen bizikletaren erabileraren bidez tokiko mugikortasun iraunkorra sustatzeko dirulaguntzen hitzarmenak jasotzen duen bezala, diruz lagundu nahi dira bizikleten aparkaleku segurua egokitzeko eta ekipatzeko lan zehatzak, hau da, dirulaguntza hau eragin duen zerbitzu publikoa (Bizipark) doitu eta hasteko beharrezko eta aldez aurretik egin beharreko lanak. Dokumentu honen bidez, orientazio gisa baliatuko dena eta izaera loteslerik gabe, Bizkaiko Lurralde Historikoan instalatutako edozein BiziParken funtzionamenduak modu homogeneoan funtziona dezan lortu nahi da, alde batera utzita zein udalerritan instalatu den, horretarako ezarriz hitzarmenean aipatutako gunean kokatur eta mugikortasun intermodala helburu duen Bizikleten Aparkaleku Seguruaren Zerbitzurako sarbide-baldintzak; eskaerak, esleipenak, altak eta bajak izapidatzeko modua eta zerbitzua erabiltzeko jarraibideak,



ZERBITZUAREN ANTOLAMENDUA, FUNTZIONAMENDUA ETA MODALITATEAK

Trapagarango Udala da bizikletak aparkatzeko zerbitzuaren kudeatzailea, eta Bizkaiko Foru Aldundiak emandako kudeaketarako plataformaren bidez kudeatuko da.



ERABILTZAILEAK

Kudeaketarako aplikazioaren bidez erregistratzen den 16 urteko edo gehiagoko edozein pertsona.

18 urtetik beherakoek tutorearen bidez erregistratu beharko dute.

Erabiltzeko baldintzak onartu beharko dituzte, eta telefono mugikorraren zenbaki bat, helbide elektroniko bat eta bizi diren udalerria eman beharko dituzte. Trapagaranen zein udalerritik kanpo bizi direnak izan daitezke.

Eskaeran aipatuko dute bizikleta aparkatzeko sistema hori erabiltzeko duten arrazoia.

Zerbitzua abian jarri aurretik, izena emateko epe bat zabalduko da. Baliozko izen-emateen kopurua hitzarmenean ezarritako BiziPark-en edukiera baino handiagoa bada, zozketa egingo da. BiziPark erabiltzeko baimenik lortu ez dutenek itxaron-zerrenda bat osatuko dute zozketa horren ondoriozko ordenan.



ORDUTEGIA

Eguneko 24 orduetan, urteko 365 egunetan.

Udalak, arrazoiak emanez, zerbitzua erabiltzeko ordutegia eta aparkalekuak irekitzeko denbora aldatu ahal izango ditu, eta aldez aurretik abisatu beharko du, ezinbesteko kasuetan izan ezik.

Aldaketa horren berri eman beharko zaie erabiltzaileei Bizkaiko Foru Aldundiak emandako kudeaketarako plataformaren Nire oharrak atalaren bidez.



BONUAK ETA TARIFAK

Honelako epealdiotakoak izan daitezke bonuak:

Hilabetekoa: 4 €

3 hilabetekoa: 10 €

6 hilabetekoa: 20 €

Urtebetekoa: 40 €

Baliteke bonoaren iraupena ez etortzea bat eskuratu den hilabete naturalarekin. Eskatzaileari eskaera baliozkotu dela jakinarazten zaion unean sortzen da ordaintzeko betebeharra.

Eskatzaileak, erabiltzaile bihurtzen denean, abonua baliozkoa den azken 5 egunetan mezu bat jasoko du kontratatutako aldiaren amaieraren berri emateko, eta ordainketa berritzeko aukera izango du eskaera-prozeduraren bidez, eta lehentasuna izango du abonua baliozkoa den azken 5 egunetan.

Berritu ezean, zerbitzua berriro erabili ahal izateko, eskaera bat egin beharko du prozedurari jarraituz.

Bonua erosteko prozesua amaitzeak baldintzak onartzea eta BiziPark zerbitzuan alta ematea dakar berekin.

Baimendutako erabiltzaileak bizikleten aparkaleku bakarra erabili ahal izango du, eta haren ardura izango da elementuak aseguratzea gailura bere baliabideekin. Gainera, hitzarmenean agertzeb den kutxa gotor tenporizatu kopurua izango dituzte eskura, segurtasun-itxiturarekin eta bateriak kargatzeko konexio elektrikoarekin. Armairuak gehienez 12 orduz erabili ahal izango dituzte jarraian.

Bonua erosteak ez du eskubiderik emango erabiltzaile bakoitzarentzat instalazioaren barruan plaza jakin bat erreserbatzeko. Ezin izango da instalatutako plazak baino bizikleta gehiago egon.



BONUAK ORDAINTZEA ETA SARBIDE-EGIAZTAPENA KUDEATZEA

Baliozkotu ondoren, izena emandako pertsonak webean sartzeko kredentziala izango du, eta une horretatik kudeatu ahal izango ditu bai ordainketak bai bonu berrien aurreinskripzioa.

Ordainketa Udalak aurreikusitako plataformaren bidez egingo da.



ERABILTZAILEEN ALTA ETA ERREGISTROA

Internet bidez alta eskatzeko prozedura

Hainbat pantaila-motatatik (PCa, mugikorra, tableta…) erabil daitekeen web-plataformaren bidez. Erabiltzaileak datu pertsonalak eta harremanetarako datuak sartuko ditu, eta prozesua amaitzean informazio horiek administratzaileari helduko zaizkio automatikoki.

Hasieran, 20 egun naturaleko epea ezarriko da plataforman izena eman ahal izateko.

Bizikletak aparkatzeko plazak esleitzeko modua

Bizikleten aparkaleku bakoitzaren esleipena zozketa bidez egingo da, honelaxe hain zuzen ere:



a) Lehen zaku edo ontzi batean, bizikleten aparkaleku adina bola zenbakitu sartuko dira (hitzarmenean adierazitako kopurua).

b) Bigarren zaku edo ontzi batean, eskatzaile adina bola zenbakitu sartuko dira. Horretarako, eskatzaileen zerrenda alfabetiko bat egingo da, pertsona bakoitzari ordena-zenbaki bat emanez, 1. zenbakitik hasita.

c) Ondoren, zoriz, ontzi edo zaku bakoitzetik zenbaki bat aterako da, eta bizikleten aparkaleku bakoitza eskatzaile bati esleituko zaio.

d) Bizikleten aparkalekuko plazak baino eskatzaile gehiago badaude, esleipendun izan ez diren pertsonek osatutako itxarote-zerrenda bat egingo da.

Horretarako, eskatzaileen ontzi edo zakutik zenbatutako bola guztiak aterako dira, eta eskatzaile bakoitzari itxaron-zerrendan lehentasuna emango zaio, bolak ateratzen diren hurrenkera berean.

e) Zozketa hori amaitu ondoren, hutsik geratzen diren plazak esleituko zaizkio horretarako eskaera egiten duen lehenengo interesdunari, baldin eta dokumentu honetan ezarritako baldintzak betetzen baditu.

f) Zozketaren amaitu ondoren, haren emaitza berehala argitaratuko da Trapagarango Udalaren iragarki-taulan, zozketa horretan bizikletarentzako aparkalekua lortu duten eskatzaileen zerrenda osoa jarriz. Halaber, esleipendun izan ez diren eskatzaileen itxaron-zerrenda eta bizikleten aparkalekuko plazen zerrenda ere argitaratuko da, lehen adierazitako moduan.



ZERBITZUAN BAJA EMATEA

Edozein erabiltzaileri emango zaio baja zerbitzuan honako kasu hauetan:

a) Norberak eskatuta.

b) Aukeratutako bonuari dagokion kuota ez ordaintzeagatik.

c) BiziPark luzaroan ez erabiltzeagatik. Ondoz ondoko bi ohartarazpenen egin eta gero, 14 egun naturaleko aldian ez erabiltzeagatik.

d) BiziParkeko instalazioetan edo han gordetako beste edozein elementutan izandako kalteengatik.

e) Bajaren arrazoia BiziParkeko edozein elementutan eragindako kalteak direnean, erabiltzaileak ezin izango du zerbitzuan berriz alta emateko eskatu baja hartu duenetik urtebete igaro arte.



BIZIKLETAK APARKALEKUTIK KENTZEA

Zerbitzuan baja emanez gero, BiziParken sartzeko baimena desaktibatu egingo da. Bizikletak, baja hartu ondoren, BiziParkean jarraitzen badu, Udala arduratuko da bizikleta kentzeaz eta udal bulegoetan gordetzeaz.

a) Bizikleta aparkalekuaren barruan aparkatuta egon daitekeen denbora-tartea mugagabea da, betiere erabiltzaileak zerbitzuen prezioak ordaintzen baditu eta ezarritako baldintzak betetzen baditu. BiziPark 14 egun natural baino gehiagoz erabiltzen ez dela detektatzen bada, Udala erabiltzailearekin harremanetan jarriko da, eta horren berri emango dio erabiltzaileari. Arrazoi beragatik ondoz ondoko bi ohartarazpen egiten bazaizkio erabiltzaile berari, baja emango zaio zerbitzuan, eta bizikleta-aparkalekutik kendu ahal izango da, abandonatzeagatik, eta ibilgailuen udal biltegira eraman.

b) Erabiltzaileak aparkalekua utziko du kontratatutako ordainketaren epearen barruan. Epea igaro ondoren, Udalak jakinarazpen bat bidaliko du, 48 orduko epearekin, ibilgailua kentzeko. 48 ordu horiek igaro ondoren, eta behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, Udalak giltzarrapoa apurtu eta bizikleta udaleko ibilgailu-biltegira eramango du.

Aurreko idatz-zatietan ezarritako kasuetan, zerbitzuaren erabiltzaileak ez du kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik izango giltzarrapoa hausteagatik.

Erabiltzaileak, bizikleta berreskuratzeko, aurreko bi kasuetan, Udalaren ibilgailuen biltegira joan beharko du, eta, aldez aurretik, bizikleta kentzeari dagozkion zenbatekoak ordaindu beharko ditu, eta, hala badagokio, bizikleta udal bulegoetan egoteari dagozkionak. Bizikleta eraman ahal izateko, egiaztatu egin beharko da bizikleten aparkaleku-sisteman erregistratuta zegoela, eta Udalarekiko edozein zor kitatu beharko da, halakorik badago.

e) Zerbitzuan erregistratuta egon ez baina instalazioan jarri den bizikleta aurreko idatz-zatietan ezarritakoaren arabera kenduko daaparkalekutik, eta bere jabetza egiaztatuz berreskuratu ahal izango da, kasu honetan, aldez aurretik ordainduta bizikleta erreitratu eta udal instalazioetan egoteagatiko zenbatekoa.



ZERBITZUAREN ALDAKETAK

Zerbitzua erabiltzeko baldintzak aldatzen badira, baldintza berriak onartu beharko dira, app edo web bidez, eta baldintza horiek onartzen ez badira, zerbitzuan baja eman ahal izango da.



BIZIPARKERAKO SARBIDEA

Bonu aktibo bat eta ordainketak egunean dituen erabiltzaile baimendua, QR kodea edo baimena aktibatzean jasoko duen zenbakizko kodea erabiliz, sartu ahal izango da BiziParken.

Erabiltzailea aparkalekuan sartzen denean, atea itxi dela egiaztatu beharko du begiz, zerbitzukoak ez diren pertsonak sar ez daitezen. Aparkalekua aukeratu eta bizikleta ainguratu beharko du. Bizikletei nahitaez jarri behar zaie giltzarrapoa.

Erabiltzailearen egonaldia bizikleta gordetzeko edo kentzeko lanak egiteko beharrezkoa den denborara mugatuko da.

Erabiltzailea behar bezala seinaleztatutako irteera-puntutik aterako da esparrutik, eta bizikletak aparkatzeko esparrua ondo itxita geratzen dela ziurtatuko da beti.



BESTELAKO INFORMAZIO BALIAGARRIA

Bizikleta bera eta hari jarritako osagarriak (argiak, adingabeak garraiatzeko aulkia, alprotxak, etab.) ez diren beste edozein objektu biltegiratzea debekatuta dago. Objektu pertsonalak berariaz instalatutako kutxa gotor tenporizatuetan (12 ordu) utzi beharko dira.

Ezin da hirugarren bati esleitutako plaza alokatu edo laga, ezta erabiltzaile gisa alta emanda ez dauden pertsonen aparkalekuan sartu ere.

Instalazioak Trapagarango Udalak kudeatutako bideo-zaintzako kamerak izango ditu.

Abonatuak Trapagarango Udalaren eta gainerako erabiltzaileen aurrean erantzun beharko du bizikletak erabiltzeko arauak ez betetzeagatik eta bizikleta arduragabekeriaz edo zabarkeriaz erabiltzeagatik sortzen zaizkion kalte-galerengatik. Erabiltzailea izango da hirugarrenei eragindako kalteen erantzule bakarra.

Zerbitzuan alta emateak ez du esan nahi aparkatutako bizikletak zaindu behar direnik. BiziPark aparkalekua erabiltzailearen kontura eta arriskupean erabiliko da.

Udalak bizikletaren instalaziorako sarbideen kontrol-sisteman akatsen bat gertatzen bada soilik erantzungo dio bizikletaren kalteei-.

Aparkaleku-eremuaren barruan, ezarritako antolamendua errespetatu beharko da. Bizikletak ezin izango dira aparkatu horretarako gaituta ez dauden hutsuneetan.

Ezinbesteko kasuetan, udalak edo horretarako kontratatutako erakundeak bizikleta lekuz aldatu ahal izango du, eta bizikleta utzi den lekuaren berri eman beharko dio erabiltzaileari, hain zuzen, zerbitzua erabiltzen jarraitu ahal izan dezan geratzen zaion denboran.



ZERBITZUAREN BEZEROARENTZAKO ARRETA

Zerbitzurako sarbide, alta eta bajetako gorabeherei buruzko galderak egin dakizkioke erabiltzaileak webgunean aipatzen denari, telefono bidez, eta halaber, aholkuak eta laguntza jaso ahal izango du zerbituza erabitzeko beharrezko diren prozesu guztietan.

Zerbitzua emateari eragiten dioten baldintzei eta inguruabarrei buruzko beste edozein erreklamazio Trapagarango Udalera bidali behar da ohiko komunikazio-kanalen bidez (herritarren postontzia, 944920411 telefonoa, etab.).

Gorabeherarik izanez gero, astelehenetik ostiralera erantzungo da, 08:30etik 14:00etara, 944920411 telefono-zenbakira deituta (Trapagarango Udala)

Trapagarango Udala arduratuko da BiziPark mantendu eta garbitzeaz.



ERABILTZAILEEN ESKUBIDEAK

Zerbitzuaren erabiltzaileak eskubide hauek ditu:
1. Zerbitzu horri atxikitako aparkalekuak erabiltzeko eskubidea, ezartzen diren baldintza eta mugekin.
2. Bizikletentzako aparkaleku publiko eta seguruaren instalazioak baliatzeko eskubidea, dokumentu honetan ezarritako baldintzetan.

3. Zerbitzuaren gorabeheren, prezioen eta har daitezkeen neurrien berri jasotzeko eskubidea, eta, azken kasuan, egokitzat jotzen dituen erreklamazioak aurkeztekoa.

4. Zerbitzuari buruzko informazioa eskatzeko eta jasotzeko eskubidea, eta iradokizunei, erreklamazioei eta kexei buruzko erantzunak emateko eta jasotzeko eskubidea, posta elektronikoz, posta arruntez edo aurrez aurre.

5. Sistemak oker kobratutako zenbatekoak itzultzeko eskubidea, hala dagokionean.


ERABILTZAILEEN BETEBEHARRAK

BiziPark erabiltzen duen zerbitzuaren erabiltzaileak konpromiso hauek hartzen ditu zerbitzua erabiltzen duen bakoitzean:

1. Zerbitzua eta haren osagai guztiak ahalik eta arreta handienaz erabiltzea.

2. Dokumentu honetan ezarritako kasuetan kodeak eta beste edozein identifikazio-sistema erabiltzeko baimena ematea.

3. Bizikleta-aparkalekua erabiltzaile bakoitzaren bizikleta erregistratuekin soilik erabiltzea, dokumentu honetan ezarritakoaren arabera.

4. Aparkalekuren batean matxurarik edo kalterik izanez gero, horren berri ematea zerbitzuko langileei, non eta zein baldintzatan dagoen adierazita.

5. Norberak erantzutea, aparkalekura sartzen den unetik bizikleta erretiratu eta ondo erabili eta kontserbatu arte.

6. Ekipamendua erabiltzean, aparkalekua ondo itxita dagoela egiaztatzea

7. Horretarako baimendutako edo izendatutako langileei edo hala eskatzen duten agintariei sistemaren erabilerari buruzko datuak ematea.

8. Ordainketari dagokionez datu-aldaketarik izanez gero, edo kobrantzak egiteko txartela aldatuz gero, horren berri ematea.

9. Zerbitzuari emandako datu guztiak egiazkoak direla ziurtatzea.

10. Sistemara sartzeko gakoak eta kodeak modu seguruan gordetzea.

11. Bizikleten aparkalekua osatzen duten elementuen gainean ez margotzea esloganak, marrak, marrazkiak, pintadak edo antzekoak.

12. Aparkalekura sartzen den bakoitzean bizikleta uzteko edo berreskuratzeko, banaka identifikatzea.

13. Bizikleta aparkatzea horretarako prestatutako lekuetan.

14. Ordainketa guztiak egunean izatea BiziPark-en zerbitzuak erabiltzeagatik.



IKUSKAPENA ETA KONTROLA

a) Udalak izendatutako teknikariek egingo dute ikuskapena eta kontrola, eta zaintzeko, ikuskatzeko eta kontrolatzeko jarduerak egin ahal izango dituzte dokumentu honetan araututako gaiei dagokienez.

b) Langile teknikoez gain, Herritarren Segurtasunerako langileek ikuskaritza-lanak egin eta aparkalekuetara joan ahal izango dute, gorabeherarik antzemanez gero.

c) Erabiltzaileek instalazioetan eragiten dituzten kalteak Udaleko teknikariek egindako tasazioaren arabera ordainduko dira, udalak aldez aurretik eskatuta.



ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA

Zerbitzuan alta ematen duen pertsonak adin nagusikoa dela adierazten du eta/edo 16 urtetik gorako pertsona baten tutorea dela, eta ibilgailuak igaro eta gidatzeari buruz indarrean dagoen araudia eta bizikleta erabiltzeko eta oinezkoekin eta gainerako ibilgailuekin batera bizitzeko arauak ezagutzen eta onartzen dituela.

Erabiltzaileak adierazten du badakiela Trapagarango Udalak zirkuitu itxiko grabazioak egingo dituela bizikleta-aparkalekuaren esparruaren barruan, BiziPark modu egoki erabiltzeko eta bere funtzioak betetzeko.

Erabiltzaileak adierazten du baimena ematen diola Trapagarango Udalari aplikazioa edo posta elektronikoa erabiltzeko erabiltzailearekin komunikatzeko sistema den aldetik.



DATUEN BABESA

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan (datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa) eta Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko 3/2018 Lege Organikoan aurreikusitako ondorioetarako, honako informazio hau ematen da datuen tratamenduari dagokionez.

Formularioan emandako informazioa Udalaren jabetzakoa da (helbidea: Lauaxeta plaza 1, Trapagaran, Bizkaia).

Informazio gehiago nahi izanez gero, edozein kontsulta egin dezakezu honako bide hauen bidez:
— Telefonoa: 944 920 411.

— Helbide elektronikoa: ayuntamiento.trapagaran@bizkaia.org.



Helburua

Trapagarango Udalak bizikletak aparkatzeko zerbitzuaren erabilera eta bonuen kobrantza kudeatzeko erabiltzen du aplikazioan biltzen den informazioa.



Legitimazioa

Datu pertsonalen tratamenduaren legitimazioa da helburu bat betetzea interes publikoaren alde edo Datuen babesaren 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 6.1 e) artikuluan aipatzen diren botere publikoez baliatuz.



Hartzaileak

Eskatzen den informazioa (identifikazio-datuak, harremanetarako datuak eta banku-datuak) kudeaketako aplikazio informatikoan jasotzen da. Informazio hori aurrean azaldutako helburuetarako baizik ezin da erabili.

Aplikazio informatikoaren arduradunak behar diren segurtasun-neurriak ezarriko ditu bere esku dauden datu-tratamenduen arriskuen maila kontuan hartuz.



Eskubideak

Pertsona guztiek dute eskubidea jakiteko Trapagarango Udala beren datu pertsonalak erabiltzen ari den ala ez.

Pertsona interesdunek eskubidea dute beren datu pertsonalak eskuratzeko, oker dauden datuak zuzendu edo, batzutetan, ezabatu ditzaten eskatzeko, esaterako baterako, datuak dagoeneko ez direnean behar jaso zireneko xedeak betetzeko edo hala egin behar denean indarreko legeria bete behar denean.

Kasu jakin batzuetan interesdunek beren datuen tratamendua mugatzeko eskatu ahal izango dute, eta orduan erreklamazioak egiteko edo haien defendatzeko baino ez dira erabiliko..

Kasu batzuetan, norberaren egoera partikularra dela-eta, interesdunek uko egin ahal izango diote beren datuak erabiltzeari. Halakoetan, Trapagarango Udalak ez ditu datuak erabiliko, honako bi kasu hauetan izan ezik: ezinbestekoa denean eta legebidezko arrazoia dagoenean; erreklamazioetatik babesteko.

Halaber, .interesdunek eskubidea dute Trapagarango Udalari emandako datu pertsonalak jasotzeko formatu egituratuan, ezagunean eta makina bidez irakurtzeko modukoan. Eskubide honek honako baldintza hauek dauzka: datuak interesdunak emandakoak izan behar dira; Trapagarango Udalak datuak modu automatizatuan tratatu behar ditu, hau da, baliabide informatikoak erabiliz.



Bideozaintza

Aparkalekuan bideozaintzako kamerak daude, bertan uzten diren ibilgailuak eta instalazioak erabiltzen dituzten pertsonak segurtasuna bermatzeko. Bideozaintza-sistema horrek Ertzaintzaren baimena dauka. Gainera, eskatzen den lege-baldintza guztiak betetzen ditu, segurtasun-indarrek toki publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoaren 3.4 artikuluan ezartzen denarekin bat etorriz.